Diario Vasco

Hemeroteca | Martes, 16 de enero 2018

«Taldeak asko lagundu dit eta denboraldi polita egin dut»

Errepideko munduko txapelketan parte hartu izana «esperientzia polita» izan dela dio Espainiako txapeldunak

NOTICIA DE Iosu Gorrotxategi
CerrarEnvía la noticia

Rellena los siguientes campos para enviar esta información a otras personas.

* campos obligatorios
Cerrar Rectificar la noticia

Rellene todos los campos con sus datos.

* campos obligatorios
«Taldeak asko lagundu dit eta denboraldi polita egin dut»

Florentzian jokatu berri den munduko txapelketatik etorri berri da Alex Aranburu. Junior mailan denboraldi aparta osatu du  17 urteko gazte ezkiotarrak eta Espainiako txapeldun bilakatzeaz gainera, nazioarteko onenekin batera aritzeko aukera izan du joan den asteburuan Italia aldean. Dozena bat garaipen eskuratu du errepideko denboraldian eta hori gutxi balitz, ziklokrosean ere Espainiako azpitxapeldun izan zen martxoan. Datorren urtean afizionatuetan hasiko da eta «hor txantxarik ez dela izango» esan digu Aranburuk.

-Munduko txapelketan 47. postuan amaitu duzu. Nolako gorputza utzi dizu joan den asteburuko lasterketak?

-Hemengoarekin alderatuz, lasterketak oso bestelako erritmoa izan zuen eta oso gogorra iruditu zitzaidan. Hasieran oso ondo aritu nintzen tropel barruan kokatzeko orduan. Helburua aurrealdean egotea zen, lehen hogeita hamarren artean edo, erorketak saihesteko gehienbat. Tropel barruan urduritasun handia zegoen, mugimendu asko... Berrehun txirrindulari gindoazen eta denek aurrean joan nahi genuen. Nik behintzat, erorketak saihestu nituen 60 kilometroko lehen zati horretan.

-Gero bost itzuli eman zenizkioten zirkuituari...

-Bai, baina frantziarrak erritmoa biziagotzen hasi ziren eta ahal izan genuena egin genuen. Hirugarren itzulian atzean geratzen hasi ginen eta azkenean, 47. postu horretan amaitu nuen.

-Eta?

-Ni lasterketa amaitzeko helburuarekin joan nintzen. Espainia kanpoan dagoen maila ikusteko aukera on bat bezala hartu dut. Nire lehen lasterketa zen mundu mailan eta zentzu horretan, oso esperientzia polita izan da. Ahal den mailarik onena ematen saiatu nintzen, baina garaipena Van der Poel holandarrak lortu zuen. Bera da Raymond Poulidor mitikoaren biloba eta Adrie Van del Poel, munduko ziklokros txapeldun izandakoaren semea.  Maila handikoa txirrindularia da.

-Denboraldi handia osatu duzu zuk...

-Aurten taldeak asko lagundu dit eta nahiko denboraldi polita egin dut. Lasterketa batzuk irabazi ditut, hamabi inguru, eta tartean, zorte pixka batekin, errepideko Espainiako txapeldun bilakatu nintzen abuztuan. Beste leku askotan ere gustura amaitu dut, baina hori izan da urteko garaipenik garrantzitsuena eta goxoena.

-Espero al zenuen horrelakorik?

-Ez. Han ere maila handia zegoen. Faboritoetako bat ni nintzen, baina tartean txirrindulari on asko zegoen. Hasieran ihesaldia sortu zen, baina ni geroago jo nuen aurrera eta itzuli baten faltan, faborito nagusiak etorri ziren atzetik. Beraien artean bata besteari begira ibili ziren eta esprinta baino lehen, helmugarako 500 metroren faltan, salto egin nuen nik kataluniar eta nafar baten atzetik. Bi haiek gainditu eta irabazi egin nuen.

-Horrez gain, beste asko ere irabazi dituzu...

-Bai. Esan bezala, aurtengoa oso denboraldi polita izan da. Gipuzkoako Itzulian ere, bi etapa irabazi nituen Andoainen eta Aian. Ezin izan nuen sailkapen orokorra irabazi, baina gustura amaitu nuen egindako lanarekin.

- Batetik hamarrera, zenbat puntu emango zenizkioke zure denboraldiari?

-Zortzikoa jarriko nioke behintzat. Nahiko gustura geratu naiz, nahiz eta gauza ba-tzuk ondo ez atera. Gipuzkoako Itzulian hirugarren amaitu nuen sailkapen orokorrean eta hura izan da denboraldiak sartuta utzi didan arantzarik handiena, baina zorte handirik ere ez nuen izan. Bitan matxura izan nuen eta horrek ere ez ninduen batere lagundu.

-Datorren urtean tokatuko zaizu afizionatu mailan hastea, ezta?

-Bai. Eta 23 urte azpikoetan ez da txantxarako tokirik izango. Lehenengo urtea ikasteko hartuko dut.

-Nolatan hasi zinen bizikleta gainean?

-Txiki-txikitan hasi nintzen, benjamin mailan edo. Lasterketa txikiak egiten hasi ginen eta betidanik gustatu izan zait pedalei eragitea. Ez dut utzi gaur arte eta ez dut uzteko asmorik. Ahal den bitartean behintzat, bizikleta gainean jarraituko dut.

-Zer deritzozu Euskaltel-Euskadiren desagerpenaz?

-Pena ematen dit hemengo talde bat horrela desager-tzeak, baina ez du bueltarik. Krisiak ez du errukirik.

-Euskaldunek geroz eta zailago daukazue profesional mailara iristea...

-Geroz eta talde gutxiago dago, baina saiatu beharko dugu behintzat! Onenak beti iritsiko direla iruditzen zait eta hori horrela bada, ikusi beharko dugu horien tartean gu gauden ala ez. Edozein modutan, guztion ametsa horixe da: profesional mailara iristea. Gustatuko litzaidake niri ere bai.

-Nolako txirrindularia zarela esango zenuke?

-Aldapa gora nabil ondoen eta erritmo aldaketak egiten ere eroso sentitzen naiz. Erlojupekoan ere nahiko ondo nabil, baina ibilbide lauean asko daukat ikasteko oraindik.  

-Nor da zure txirrindularirik gustukoena?

-Ez dakit. Peter Sagan asko gustatzen zait, baita 'Purito' Rodriguez ere. Nazioarteko tropelean txirrindulari asko daude onak, oso onak, baina osoena Sagan dela esango nuke.

-Ziklokrosean ere ondo moldatzen omen zara...

-Hor ere Espainiako txapeldunorde izan naiz aurten valentziar baten atzetik eta lasterketa batzuk irabazi ditut. Niri, beste askori bezala, aurredenboraldia ondo egiteko balio dit ziklokrosak eta datorren denboraldian ere, bide beretik jarraitzeko asmoa daukat. Giro bikaina izaten da eta oso lasterketa politak izaten dira.

-Atseden hartzea tokatzen zaizu orain...

-Hori da, bai. Munduko txapelketa izan da denboraldiko azken hitzordua. Denboraldia luzea izan da eta badaukat atseden hartzeko gogoa. Bizikleta lasai-lasai hartuko dut hemendik aurrera eta beste kirol batzuk egingo ditut, besteak beste, frontenisa. Lagunekin pilotalekura joatea gustatzen zait.

-Eta non geratzen dira ikasketak?

-Mantentze-lanen goi mailako ziklo bat egiten hasiko naiz aurten. Bi urteko zikloa izango da. Entrenamenduek denbora dezente kentzen digute, baina ahal den bitartean ikasketei ere behar den arreta eskainiko diegu.


Vocento
© Copyright DIARIOVASCO.COM Sociedad Vascongada de Publicaciones, S.A.

EN CUALQUIER CASO TODOS LOS DERECHOS RESERVADOS:
Queda prohibida la reproducción, distribución, puesta a disposición, comunicación pública y utilización, total o parcial, de los contenidos de esta web, en cualquier forma o modalidad, sin previa, expresa y escrita autorización, incluyendo, en particular, su mera reproducción y/o puesta a disposición como resúmenes, reseñas o revistas de prensa con fines comerciales o directa o indirectamente lucrativos, a la que se manifiesta oposición expresa.