Diario Vasco

Hemeroteca | Miércoles, 16 de mayo 2012

«Txapelketa irabaztea oso zaila izango da»

Emakumezkoen gomazko paletako Kutxa Sarian estrainekoz jokatuko du aurten Amaia Irazustabarrena hamazazpi urteko hernaniarrak

NOTICIA DE Iosu Gorrotxategi
CerrarEnvía la noticia

Rellena los siguientes campos para enviar esta información a otras personas.

* campos obligatorios
Cerrar Rectificar la noticia

Rellene todos los campos con sus datos.

* campos obligatorios
«Txapelketa irabaztea oso zaila izango da»

Gogotsu. Kutxa Sarian maila ona emateko gogoa du Amaiak. :: ALVARO

Pilota munduan emakumezkoak ere bidea egiten ari dira azkenaldian eta aurten, bostgarren urtez jarraian, Gipuzkoako jokalari onenak arituko dira Kutxa Sarian, bikoteka. Parte hartzaileen artean izango da aurten Amaia Irazustabarrena, hamazazpi urteko hernaniarra. Berarekin izan gara aste honetan eta emakumeek ere pilota gogoz bizi dutela azaldu digu.   Ez genuen gutxiago espero.

-Askotan badirudi pilota munduan gizonak bakarrik dabiltzala, baina zuek ere hor zabiltzate jo eta ke, ezta?

-Bai, bai. Hernanin, gainera, neska asko gaude. Uste dut emakumezko pilotari gehien duen herria garela. Nire adinean sei gaude eta txikiak ere asko datoz. Gu baino handiagoak direnak ere asko daude.

-Hernanin, beraz, mutil zein neska izan, ohizkoa da pilotan jokatzea?

-Bai, hala da. Hernaniko klubean gaude denak eta Garbiñe Tijero da gure entrenatzailea.

-Betidanik jokatu izan duzu pilotan ala beste kirolen bat egin duzu?

-Zazpi urterekin hasi nintzen pilotan, txiki-txikitatik beraz, eta beti ibili izan naiz honetan jokatzen.

-Eta palari heldu zenion hasieratik, ezta?

-Eskuz ez dut sekula jokatu. Zergatik? Ba, ez dakit. Hasieratik neskak palaz jokatzera bideratu gintuzten eta halaxe egin dugu betidanik. Hala ere, orain ume batzuk entrenatzen ditut eskuz. Iaz hasi nintzen beraiekin eta aurten jarraitzeko asmoa daukat. Ni ere probatu izan dut eskuz jokatzea, baina inoiz ez dut konpetitzeko gogorik izan.

-Joan den astean hasi zen Emakumezkoen Kutxa Saria. Denboraldiko txapelketarik garrantzitsuena al da?

-Baietz esango nuke. Txapelketarik garrantzitsuena da, baina nik ez dut inoiz jokatu. Niretzat aurtengoa izango da jokatuko dudan lehenengo aldia. Txapelketa joan den astean hasi zen, baina guk ez genuen jokatu. Beraz, datorren asteburu honetan jokatuko dugu lehenengoa.

-Zenbat bikote zaudete txapelketan sartuta?

-Aurten bi maila egin dituzte. Promozio sarian hiru bikote daude eta beste sei bikote gara elitekoan. Azken maila honetan, hiru bikotez osatutako bi multzo egin dituzte. Bikote bakoitzak bi partida jokatuko ditu lehen fasean eta hortik aurrera etorriko dira finalerdiak eta finala.

-Norekin jokatzen duzu zuk?

-Nagore Arozenarekin arituko naiz.

-Eta zein da zuen asmoa?

-Aurten lehen aldiz jokatuta eta hor maila handia dagoela kontutan hartuta, ahalik eta mailarik onena ematen saiatuko gara. Irabaztea zaila izango da eta dakiguna egiten saiatuko gara.

-Nortzuk dira, zure ustez, txapela lortzeko faborito nagusiak?

-Hor da Maider Mendizabal. Nire-tzat bera da onena. Aurten aurrekaldean jokatuko du berak, lehen aldiz parte hartuko duen Hernaniko beste neska batekin batera, Ariane Arrietarekin batera, alegia. Niretzat beraiek dira faboritoak.

-Nolako aurrelaria zara? Zeintzuk dira zure bertute nagusiak?

-Aurrean jokaldiak egitea asko gustatzen zait. Batzuetan burua joan egiten zait eta jokaldia azkarregi bukatzeagatik edo, hutsak ere egiten ditut. Burua behar da pilotan.

-Zer gehiago behar da pilotari ona izateko?

-Pilotan asko entrenatu behar da eta horretarako gogoa edukitzea oso garrantzitsua da. Gogoa behar da, hau da, entrenatzera gustora joatea, ikasteko gogoz, alegia.

-Astean zenbat lan saio egiten dituzu?

-Hernanin, aurten, behin entrenatu dut. Astelehenero Bizkaira joaten naiz, Mallabiara hain zuzen ere, euskal selekzioarekin entrenatzera. Hiru gara entrenatzera joaten garen gipuzkoarrak: Ariane Arrieta, Maddi Mendizabal zaldibiarra eta ni neu. Guztira, zortzi neska elkartzen gara han eta normalean bi orduko iraupena izaten du entrenamenduak, Iosu Oleaga hautatzailearekin.

-Besterik?

-Horrez gain, teknifikazio jardunaldiak egiten ditugu hemen, Gipuzkoan, Maider Mendizabalekin. Bi astean behin joaten gara Donostiako trinketera, alde batetik, eta Irurako pilotalekura, bestetik. Gustora gabiltza Maiderrekin. Asko daki eta asko laguntzen digu.

-Nolako gomendioak ematen dizkizue munduko txapeldun izandakoak?

-Berari kasu egiteko esaten digu. Batez ere teknika erakusten digu. Ez gara izerdia botatzera joaten, teknika ikastera baizik.

-Trinketean eta ezker paretan pala eta pilota berak erabiltzen al dituzue?

-Ez, ez, materialea desberdina da batean eta bestean. Pilotalekuan erabiltzen ditugun palak eta pilotak gogorxeagoak dira; trinketean berriz, palak pisu gutxiago du eta pilotak biziagoak dira.

-Eta zuri zer gustatzen zaizu gehiago, ezker pareta ala trinketea?

-Txikitatik ibili naiz pilotalekuan eta esperientzia gehiago izan ditut hor. Trinketean hiru urte daramazkit eta asko ere ez dugu entrenatzen, bi astetik behin baino ez. Trinketea ala pilotalekua, bietako bat aukeratu behar banu, pilotalekuarekin geratuko nintzateke.

-Euskal selekzioarekin Uruguayra joan zineten iaz palaz jokatzera. Zer moduzko esperientzia izan zen hura?

-Aste bete eman genuen han eta oso esperientzia positiboa izan zen. Loiola Zuazu irundarra ere bertan izan zen, baita beste sei jokalari euskaldun ere. Flores izeneko herrian jokatu genuen txiletar, uruguaitar eta argentinarren kontra.  Bi partida galdu genituen eta irabazi genuen bakarra txiletarren kontrakoa izan zen. Azkenean, uruguaitarrek jantzi zituzten txapelak.

-Maila handia dago han, ezta?

Bai, hala da. Trinketean oso ondo jokatzen dute. Abenduan, bestalde, nazioarteko beste txapelketa bat jokatu dugu Miribillan eta agerian geratu da ezker paretako pilotalekuan arazo gehiago dutela. Argentinarrak, estatubatuarrak eta txiletarrak etorri dira eta hor bai, euskaldunok irabazi dugu. Txapelketa honetan hiru neska aritu gara euskal selekzioko elastikoarekin: Ariane Arrieta, Laura Saez eta ni neu. Finala Laurak eta biok jokatu genuen.

-Horrelako txapelketak jokatzeak motibatzeko balioko dizue, ezta?

-Horrelako txapelketetan jende asko ezagutzen duzu eta nola ez, batzuetan bidaiaren bat egitea motibazioa da.

-Noiz arte uste duzu jokatuko duzula?

-Oraingoz jarraitzeko asmoa daukat. Hamazazpi urte dauzkat eta asko gustatzen zait pilotan jokatzea. Noiz arte jokatuko dudan ez dakit, baina pilotan beste urte batzuk emango ditudala uste dut. 


Vocento
© Copyright DIARIOVASCO.COM DIGITAL VASCA, S.L.U.

EN CUALQUIER CASO TODOS LOS DERECHOS RESERVADOS:
Queda prohibida la reproducción, distribución, puesta a disposición, comunicación pública y utilización, total o parcial, de los contenidos de esta web, en cualquier forma o modalidad, sin previa, expresa y escrita autorización, incluyendo, en particular, su mera reproducción y/o puesta a disposición como resúmenes, reseñas o revistas de prensa con fines comerciales o directa o indirectamente lucrativos, a la que se manifiesta oposición expresa.