Diario Vasco

Hemeroteca | Miércoles, 16 de mayo 2012

«Europako txapelketara joatea da nire erronka»

Ane Iriarte billabonarrak Gipuzkoako pistako txapelketa irabazi du bigarren aldiz eta asmo handiko helburuetan pentsatzen hasia da

NOTICIA DE Pablo Munilla
CerrarEnvía la noticia

Rellena los siguientes campos para enviar esta información a otras personas.

* campos obligatorios
Cerrar Rectificar la noticia

Rellene todos los campos con sus datos.

* campos obligatorios
«Europako txapelketara joatea da nire erronka»

Lan eta lan. Anoetako belodromora astean bitan edo hirutan joaten da entrenatzera Ane Iriarte. :: ALVARO

Ane Iriartek Gipuzkoako pistako txapelketa irabazi berri du emakumezkoen jubenil mailan. Hala ere,  16 urteko billabonarrak ez du ospatzeko astirik izan. Bihar bertan Palmara joango da Gipuzkoako selekzioarekin batera eta hurrengo asteburuan Bordelera joan beharko du lehiatzera. Liburuak berarekin eraman beharko ditu Batxilergoko ikasle honek, bueltan azterketan murgildu beharko du eta.

-Pistako zein modalitate jorratzen dituzu?

-Fondozko modalitateetan nabil eta aurten hasi naiz jasarpen edo erresistentzia probak lantzen. Hala ere, modalitate guztiak ondo ezagutzea garrantzitsua da.

-Zein da zure indargunea bizikleta gainean?

-Nik uste dut puntuazioan molda-tzen naizela hoberen, erritmo aldaketak eta puntuazio joko hori ondo datorkit eta. Scratch modukoa, ia lasterketa guztia erasorik gabe egotea eta gero, azken momentuan, dena jokatzea ez dut gustuko. Puntuazioan zenbait itzulietan puntuak lortu behar dituzu, beraz tiroiak eta eskapadak izaten dira. Joko gehiago dago.

-Gipuzkoako txapeldun izatera eraman zaituzte gaitasun horiek...

-Bai, txapelketako puntu gehienak puntuazioan eta eliminazioan lortu nituen; scracth eta danesan, ordea, ez hainbeste.

-Nola joan zen txapelketa?

-Gustura hasi nintzen. Ikusten nuen teknika aldetik, besteekin konparatuz, gehiago nintzela. Baina mutilek txispa hori daukate,  gu baino indartsuagoak dira. Puntu dexente lortzen ari nintzenean erori egin nintzen eta fisura txiki bat izan  nuen eskumuturrean. Hiru bat aste  egon nintzen suabe entrenatzen eta forma pixka bat galdu nuen, baina berriro ere indarrak hartu ditut eta askoz hobeto nago momentu honetan.

-Lasterketarik galdu al zenuen?

-Ez. Ni erori nintzen eta ikusi nuen eskumuturrean min pixka bat neukala, baina egun horretan bertan beste probak korritu nituen. Medikuarengana joan nintzen baina ez nuen ezer hautsita, beraz lasterketetan parte hartu nuen, entrenamendu gutxi eginda.

-Nolakoa da lasterketetan mutilekin batera ibiltzea?

-Nik, fondo aldetik, erritmo fuerte bat jartzeko indarra daukat eta beraiengandik ihes egitea, baina erritmo aldaketek eta horrelakoek neskei min handia egiten digute.

-Beraz, zaila dela esango zenuke?

-Zaila da ikusten duzulako haiek erraztasun handiago dutela bizikletan, baina aldi berean asko ikasten da beraiekin. Hala ere, azkenean sailkapen nagusiak independenteak dira nesken eta mutilen artean. Hori bai, puntuak lortzeko beraien aurka egin behar dugu. Beraiekin lehiatzen gara eta lortzen dugun postuaren araberalortzen ditugu puntuak.

-Gipuzkoako txapelketakoa izan al da lortu duzun emaitzarik onena?

-Ez dut uste onena izan denik. Aurreko urtean Espainiako txapelketan lortu nuena izan zen onena; han urrezko bi domina eskuratu nituen.

-Nola gogoratzen duzu hura?

-Lehenengo egunak gogorrak izan ziren niretzat. Oso ondo entrenatuta joan nintzen, sasoi onean, baina urduriegi jarri nintzen eta horregatik kontrola galdu nuen. Lehenengo egunetan oso gaizki pasa nuen. Ez zitzaidan ezer ondo atera, gero eta urduriago nengoen... Konfidantza hartzen joan nintzen taldeko abiadura proba irabazi genuenean, Espainiako errekorra hautsiz gainera. Momentu hartan segurtasuna hartu nuen niregan eta ikusi nuen baneukala gehiago egitea. Hurrengo egunean scracth probaren erdialdera edo, ihes egin  eta urrea irabazi nuen.

-Arazo horri aurre egitea kirolari bezala indartu al zaitu?

-Bai, dudarik gabe.  Asko lagundu ninduen inguruan neukan jendeak. Jendeak esaten zidan arazo hori ez zela gertatzen ni gaizki prestatuta nindoalako, gauzei buelta gehiegi ematen ari nintzelako baizik.

-Nolakoa da pistaren maila Gipuzkoan?

-Nire ustetan, Gipuzkoan gero eta indar gehiago hartzen ari da pista. Kadete mailako asko sartu dira pistan. Konturatu dira pista oso garrantzitsua dela gero errepidean ondo ibiltzeko eta, normalean, errepidean ondo ibiltzen direnak, pistan ere ibiltzen direla.

-Noiz hasi zinen pistan lehiatzen?

-Orain dela hiru urte hasi nintzen, lehen urteko kadetea nintzela. Txikia nintzenean hasi nintzen bizikletan ibiltzen aitaren laguntzarekin, baina azken lau urteetan hasi naiz lehiatzen, hasieran errepidean, baita gero pistan ere. Biak batera egiten ditut. Neguan, eguraldia txarra  eta egunak motzak direla kontutan hartuta, zerbait behar da prestakuntza osatzeko.

-Eta zer moduz ari zara errepidean?

Gustura nabil. Iaz ez nintzen ondo iritsi  errepideko denboraldira. Gaixo egon nintzen, mononukleosiarekin. Hala ere, bosgarren postua lortu nuen Espainakoan, erlojupekoan zein errepidekoan. Edozein modutan, gehiago emateko gai nintzenaren sentsazioarekin geratu nintzen. Gaixo izan ez banintz...

-Non moldatzen zara hobe, pistan ala errepidean?

-Erraztasun gehiago dut pistan. Baina, nire ustetan, biak egin behar dira. Pista soilik eginda ez zara ona izango eta errepidea bakarrik eginda ere ez... Biak behar dira.

-Ondo moldatzen al zara entrena-tzeko?

-Saiatzen naiz astean bi edo hirutan pistara joaten. Beste egunetan, ikasketak direla medio, ahal dudanean errepidean aritzen naiz.

-Taldean ala bakarka entrenatzen zara?

-Normalean bakarrik ibiltzen naiz. Batzuetan saiatzen naiz lagun bati deitzen edo entrenamendu luzea egin nahi baldin badut, norbaitekin geratzen naiz.

-Eta orduan zer eskaintzen dizu zuri Caja Rural taldeak?

-Nire gurasoek asteburuetan lana egiten dute askotan eta lasterketetara joateko laguntza ematen dit taldeak.

-Zein da zure hurrengo erronka pistan?

-Orain kanpora noa hurrengo bi asteburuetan, datorren honetan Palmara eta hurrengoan Bordelera, ni baino  zaharragoak direnekin ikastera. Apirilean daukagu Espainiakoa eta bertan puntu-puntuan egon nahi dut.

-Hitz egingo diguzu pixka bat Palma eta Bordelen egin behar duzunaren inguruan?

-Maila gorenean dauden neskekin lehiatzera noa, nazional zein nazioarte mailakoak. Nik jakin badakit horiekin ez daukadala ezer egiterik. Ni baino helduagoak dira. Bi lehentasun ditut. Batetik, ikastea eta bestetik, konturatzea nik ere badaukadala haien parean ibiltzeko aukera.

-Beraz, hurrengo asteak frenetikoak izango dira, ezta?

-Bai. Bihar bertan noa Palmara Gipuzkoako selekzioarekin. Gero itzuli eta egun gutxira, Bordelera joango naiz. Gainera, azterketak ditut tartean. Liburuekin joan beharko dut leku guztietara, hemendik bi astera azterketak ditut eta. Aprobatu nahi baldin badut, lehiaketa baten eta bestearen artean ikasteko denbora atera beharko dut.  

-Ba al dago bereziki lortu nahi duzun helbururik?

-Aurten Espainiako selekzioarekin kanpora joan nahiko nuke, Europako txapelketetara. Ea lortzen dudan. Oraindik ez dago ezer planeatuta. Ea Espainiakoak nola atera-tzen zaizkidan eta gero gerokoak.


Vocento
© Copyright DIARIOVASCO.COM DIGITAL VASCA, S.L.U.

EN CUALQUIER CASO TODOS LOS DERECHOS RESERVADOS:
Queda prohibida la reproducción, distribución, puesta a disposición, comunicación pública y utilización, total o parcial, de los contenidos de esta web, en cualquier forma o modalidad, sin previa, expresa y escrita autorización, incluyendo, en particular, su mera reproducción y/o puesta a disposición como resúmenes, reseñas o revistas de prensa con fines comerciales o directa o indirectamente lucrativos, a la que se manifiesta oposición expresa.