Diario Vasco

Hemeroteca | Miércoles, 16 de mayo 2012

«Berdegunean taldekideak dira zure lagun bakarrak»

Bera Berako infantil mailako taldeak partida guztiak irabazi ditu eta txapeldun izan nahi dutela esan digu Xabi Goenaga kapitainak

NOTICIA DE Iosu Gorrotxategi
CerrarEnvía la noticia

Rellena los siguientes campos para enviar esta información a otras personas.

* campos obligatorios
Cerrar Rectificar la noticia

Rellene todos los campos con sus datos.

* campos obligatorios
«Berdegunean taldekideak dira zure lagun bakarrak»

Tresna. Errugbia gauza asko erakusten dituen kirola dela deritzo Xabik. :: álvaro

Kapitain izatea ez da nolanahikoa gauza errugbian. Ondo daki hori Xabi Goenaga, Bera Bera taldeko jokalaria. Orain arte jokatu dituzten zazpi partidak irabazi dituzte eta infantil mailako txapeldunak izatea nahiko lukete. Horixe da donostiarren erronka.

- Zergatik aukeratu zenuen errugbia eta ez beste kirol bat?

-Txikitatik nire aitaren partidak ikustera joan izan naiz eta horrek, nolabait, kirol hau ezagutzea ahalbidetu dit. Behin, nire aitaren lagun batek entrenamendu batera joateko gonbidapena egin zidan eta orain hemen nago.

-Zenbat urterekin hasi zinen kirol honetan?

-Nik uste hasi nintzenean sei edo zazpi urte izango nituela. Futbola bezalako beste kirol batzuk probatu izan ditut lagunek bultzatuta, baina errugbiarekin geratu naiz.

-Zer du ba errugbiak besteek ez dutena?

-Ez dakit. Pertsona bezala hazten laguntzen dizun kirola da, epaileari eta aurkariei zor zaien errespetuagatik. Gainera, lagun asko egiten dira errugbian.

-Infantil mailako taldean zabiltza eta esan digutenez, nahiko denboraldi polita egiten ari zarete, ezta?

-Bai. Orain arte zazpi jardunaldi jokatu ditugu eta den-denak irabazi ditugu. Bitan izan ezik, beste guztietan bonusa lortu dugu gainera.

-Noren kontra ez duzue lortu bonus hori?

-Atletiko San Sebastian eta Hernaniren kontra ez dugu bonusik eskuratu. Azken hori izan da orain arteko partidatik zailena. Joan den asteburuan jokatu genuen hernaniarren kontra eta garaipen estua lortu genuen, bost eta huts.

-Hernaniarrak ere partidarik galdu gabe zeuden zuen kontra jokatu arte...

-Bai. Egia esateko, oso partida itxia izan zen. Aurkari gogorrak dira hernaniarrak eta oso nekagarria izan zen garaipena eskuratzea. Gainera, gure lagunak dira...

-Berdegunean, ordea, ez omen dago lagunik, ezta?

-Hala da, bai. Berdegunean zure taldekoak dira lagun bakarrak, zure kamiseta berdina dutenak, alegia. Partidak irauten duen bitartean ez du axola aurkaria nor den.

-Asko al zarete Gipuzkoan errugbian zabiltzaten gazteak?

-Nik uste geroz eta gehiago garela.Gure taldean, esate baterako, aurten 33 jokalari gaude eta deialdiak eta guzti egin behar izaten ditugu. Deialdi bakoitzean 22 jokalari sar-tzen gara, hamabost titularrak eta beste zazpi ordezkoak, eta besteak jokatu gabe geratzen dira.

-Eta zergatik dago hainbesteko zaletasuna?

-Kirol honetaz jendeak duen irudiak zerikusi gutxi du errealitatearekin. Kontaktu handiko kirola dela ezin da ukatu, baina garbitasun osoa dago berdegunean. Muga batzuk daude errugbian eta muga horiek ezin dira gainditu. Esate baterako, plakaketak ezin dira lepoan egin eta lurrean zaudenean baloia askatu egin behar duzu.  

-Oso kirol garbia da orduan...

-Bai. Eta hori gutxi balitz, kapitaina da epaileari hitzegin  diezaiokeen  taldeko jokalari bakarra. Errespetu osoz hitzegin behar zaio epaileari. Protesta egiterakoan, ezin duzu aurkariak hau edo beste egin duela esan, hau da, ezin duzu bestea akusatu. Hurrengoan, mesedez, kontu handiagoa eduki dezala eta horrelako esamoldeak erabiliz hi-tzegin behar diozu epaileari, leun-leun.

-Zu zara taldeko kapitaina. Zergatik uste duzu aukeratu zaituztela?

-Ez dakit. Iaz bozketa egin genuen eta ni  aukeratu ninduten taldekideek. Egia esateko, aitortu behar dut ez dela batere erraza epaile izatea. Nik ere txikien partidetan epaile lanetan ibiltzen naiz eta oso lan zaila da.

-Zure taldeko  atzelaria zara. Zein da zure lana?

-'Arrier' delakoa da  edozein taldeko 15 zenbakia. Atzean geratzen den jokalaria denez, bera da azken oztopoa eta  horregatik plakatzaile ona izan behar du. Errespontsabilitate handiko postua da, baina nik nahiko ondo daramat. Orain artekoan bost puntu baino ez dizkigute sartu, ordiziarrek hain zuzen ere.

-Zein da aurtengoan taldearen helburua?

-Txapeldun izatea gustatuko litzaiguke. Zaila da, baina saiatu egingo gara. Iaz bigarrenak izan ginen eta aurten txapeldun izatea da gure erronka. Beste taldeekin alderatuz, nahiko talde txikia gara tamainaz, baina plakatzaile onak gara. Ez gara oso talde erasokorra, baina kristoren defentsa ona dugu eta bertute hori aprobetxatzen ari gara.

-Zu, gainera, Euskadiko selekzioaren deia jaso duzu aurten, ezta?

-Aurreselekzioan sartu naiz oraingoz. Lehenengo entrenamendura Euskadi osoko 52 jokalari joan gara eta hurrengoa otsailean izango da. Oraingoz ez dakigu nortzuk joango diren bigarren lan saio horretara. Esperantzarik badaukat eta hor egotea espero dut, baina oraindik ez dakigu ezer. Onenak bakarrik joango dira Valentzian jokatuko den lurraldekako txapelketara.

-Nolako maila daukagu Euskadin?

-Maila oso ona daukagula esango nuke. Lurralde txikia izan arren, talde pila dauzkagu beste lurraldeekin konparatuz.

-Ezin konparatu, noski, munduko beste herrialde batzuetako mailarekin, besteak beste, Frantzia, Ingalaterra, Hegoafrikakoekin...

-Han profesionalak dira eta hemen zer edo zer kobratzen dutenak hamar inguru izango dira Euskadi osoan.

-Anoetako estadioan partida handiak ikusteko aukera izan da azken boladan...

-Den-denak ikusi ditut nik. Biarri-tzekoak eta Baionakoak partida handiak jokatzera etorri ohi dira Donostiara eta nik ez dut hutsik egin etorri diren bakoitzean.

-Zein da zure ametsa errugbi munduan?

-Ez dakit. Gustatuko litzaidake Bera Berako lehen taldean jokatzea. Oraindik ere gaztea naiz eta urte asko dauzkat aurretik, baina esperan-tza hori daukat. Nik uste geroz eta aukera gehiago daukagula etxekoek. Orain bigarren mailan gaude eta alde horretatik, errazagoa izan liteke orain lehen taldera iristea.


Vocento
© Copyright DIARIOVASCO.COM DIGITAL VASCA, S.L.U.

EN CUALQUIER CASO TODOS LOS DERECHOS RESERVADOS:
Queda prohibida la reproducción, distribución, puesta a disposición, comunicación pública y utilización, total o parcial, de los contenidos de esta web, en cualquier forma o modalidad, sin previa, expresa y escrita autorización, incluyendo, en particular, su mera reproducción y/o puesta a disposición como resúmenes, reseñas o revistas de prensa con fines comerciales o directa o indirectamente lucrativos, a la que se manifiesta oposición expresa.