Diario Vasco

Hemeroteca | Sábado, 25 de mayo 2013

«Bi errekorrekin harrituta geratu naiz»

Igerilari aparta da Oarsoaldea taldeko Oihana Goenaga gaztea

NOTICIA DE Iosu Gorrotxategi
CerrarEnvía la noticia

Rellena los siguientes campos para enviar esta información a otras personas.

* campos obligatorios
Cerrar Rectificar la noticia

Rellene todos los campos con sus datos.

* campos obligatorios
«Bi errekorrekin harrituta geratu naiz»

Ohiana Gopenaga, igerilaria. Unciti

Hamabi urterekin, arrainak bezala mugitzen da uretan Oihana Goenaga azpeitiarra. Gipuzkoako selekzioarekin emaitza bikainak lortu berri ditu Euskal Herriko txapelketan eta oraindik ere hobetzen jarraitzeko asmoa du.

-Gogoratzen al duzu igerileku batean sartu zinen lehen aldia?

-Ez, ez dut gogoratzen, baina amak esan dit berak erakutsi zidala igeri egiten. Inoiz ez dit esan zenbat urte nituen orduan, baina oso txikia nintzela pentsatzen dut, hiruzpalau urte gutxi gora behera. Azkar ikasi nuela esan dit, uretan murgiltzea asko gustatzen zitzaidala.

-Geroxeago ikastaroa egin zenuen, ezta?

-Bai, ikastarotxo bat egin nuen, bost urterekin edo. Herrian bertan egin nuen ikastaroa, lagunekin batera. Ikastolarekin ere joan egiten ginen igerilekura. Esan daiteke uretan ibiltzeko erraztasuna izan dudala beti. Eroso sentitzen naiz uretan, oso gustora.

-Noiz hasi zinen kirol hau serio  hartzen?

-Hasieran astean bitan edo hirutan joaten nintzen igerilekura, baina lautan hasten joan nintzen bederatzi urterekin eta hamaikarekin, aldiz, egunero-egunero joaten hasi nintzen.

-Zer da ikasi zenuen lehen gauza?

-Flotatzea da igeri egin ahal izateko ikasi behar den lehenengo gauza. Eta hortik aurrera, estilo desberdinak ikasten joan zaitezke. Lau estilo desberdin daude igeriketan: tximeleta estiloa, bizkar estiloa, bular estiloa eta crawl estiloa.

-Zein da denetan zailena?

-Tximeleta estiloa iruditzen zait dela zailena. Gehien nekatzen  duena da eta indar gehien eskatzen duena.  Nire kasuan, lehen bizkar estiloa zen gehien gustatzen zitzaidana, baina orain crawl estiloa nahiago dut.

-Crawl estiloan azkar igeri egiteko, zein da gakoa?

-Hankei azkar eragitea da garran-tzitsuena. Hortik aurrera, besoak ere ondo mugitzen jakin behar da eta arnasketak, nola ez, garrantzia ikaragarria du, baita luze bakoitzaren bukaeran egin behar diren birajeak egiten jakitea ere. Birajeak egiten ikastea kosta egin zitzaidan, baina jadanik automatikoki egiten ditut.

-Emaitza bikainak lortu dituzu Gipuzkoako selekzioarekin Euskadiko txapelketan, ezta?

-Bai, oso emaitza onak izan dira eta oso gustora bukatu dut egindako lanarekin. Gasteizko Mendizorrotzako igerilekuan bi proba egin nituen. Batetik, 100 metroak crawl estiloan eta bestetik, 400 metroak estilo desberdinetan.

-Eta?

Lehenengoan, 1998. urtean Ilune Gorbeak jarritako Gipuzkoako errekorra hautsi nuen. Bere garaian minutu bat, bi segundu eta 65 ehunenekotan geratu zuen kronometroa Ilunek eta orain nik bost ehunenekotan hobetu dut marka hori.

-Hori gutxi balitz, 400 metro estiloetan ere errekorra hautsi duzu, ezta?

-Bai. Eneritz Etxeberriak zeukan Gipuzkoako errekorra (5.44.76), baina nik hobetzea lortu dut: 5.33.86.

-Espero al zenuen horrelako emai-tza onik lortzea?

-Ez, ez, harrituta geratu nintzen. Jakin banekien errekorrak zeintzuk ziren eta entrenatzaileak esaten zidan  marka horiek hobetzetik gertu nengoela, baina ez nuen espero hain emaitza onak lortzea. Bi horiez gain, erreleboetan ere parte hartu nuen 4X100 metroetan, crawl estiloan zein estilo desberdinetan, eta bietan ere garaipena lortu genuen gipuzkoarrok.

-Egunero entrenatzen duzula esan diguzu...

-Bai, astelehenetik larunbatera. Egunean bi ordu egiten ditut eta astean behin, ostiraletan ala larunbatetan, Oiartzungo igerilekura joaten naiz entrenatzera.

-Ikasketak ondo al daramatzazu?

-Bai. Ikastolatik etxera joaterakoan egiten ditut etxekolanak eta gero joaten naiz entrenatzera, lasai-lasai.

-Nolako entrenamenduak izaten dira?

-Txapelketa baten ondorengo entrenamenduak lasaiagoak izaten dira. Lehiaketa baten aurretik, berriz, intentsitate handiko lan-saioak egiten ditugu.

-Ez al litzaizuke gustatuko beste kirolen bat egitea?

-Bere garaian saskibaloia egin nuen, seigarren mailara arte, ikastolako taldean eta Iraurgi saskibaloi taldean. Egia esateko, oso ondo moldatzen nintzen eta Gipuzkoako selekzioan jokatzera iritsi nintzen, baina ez neukan ia denborarik eta utzi egin behar izan nuen.

-Zergatik gustatzen zaizu hainbeste igeriketa?

-Ez dakit, betidanik gustatu izan zait. Uretan ibiltzea asko gustatzen zait eta igeri egin eta gero, sentsazioak onak izaten dira.  Entrenamendu luze baten aurretik pereza pixka bat ere izaten da, baina berehala desagertzen da.

-Lehen aipatutako errekor horiek oraindik ere hobetu ditzakezula uste al duzu?

- Baietz uste dut. Normalean, denboraldi hasieran  baino marka hobeak egiten dira denboraldi amaieran.

-Zer esanahi du zuretzat bi errekor horiek egin izanak?

-Izugarrizko meritua duela irudi-tzen zait. Ilusio handia egin dit. Hori bai, nire buruari ez diot inongo helbururik jarri aurtengo denboraldian. Asteburu honetan Euskal Kopa egingo dut taldearekin, abenduaren 10an eta 11an Espainiako txapelketa egingo dugu Madrilen euskal selekzioarekin eta martxoan Mallorkan Espainiako beste txapelketan parte hartuko dut Oarsoaldea taldearekin batera. Aurretik denboraldi polita daukagula iruditzen zait.

-Igeriketa munduan bainujan-tziek ikaragarrizko interesa piztu dute azkenaldian. Izan ere, markak hobetzen laguntzen omen dute azken teknologiekin egindako bainujantzi magikoek. Ba al daukazu zuk horrelakorik?

-Atzo bertan iritsi zitzaidan etxera.  Ez dakit zein materialez egina izango den, baina ikutu eta paperezkoa dela ematen du. Profesionalek erabiltzen duten horietakoa da. Txarragoa behar bada, baina hala ere oso ona. Hori bai, ordu laurden beharko dut bainujantzia jartzen dudan bakoitzean. Gorputzari ondo egokituta geratu behar du. Bestela, ura sartzen da bainujantzi barrura eta horrek geldiarazi egiten zaitu igeri egiterakoan.

-Zein da zure ametsa igeriketa munduan?

-Espainiako txapelketetan ahalik eta mailarik onena eskaintzea da nire erronka. Helburu horrekin jarraituko dut, lanean jo eta ke. Jakin badakit entrenamenduak gogor-tzen joango direla, baina prest nago lana serio egiteko.

-Zer esaten dizute lagunek?

-Harrituta geratzen dira. Ez dute ongi ulertzen zergatik joaten naizen egunero igerilekura. Hainbeste igeri eginda aspertzen ez naizen galdetzen didate, baina nik ezetz esaten diet. Beraiek beste kirolak egiteaz aspertzen ote diren galde-tzen diet nik.

-Eta amak zer dio?

-Ama oso harro dago. Berari ere asko gustatzen zaio igeriketa eta ahal duen bakoitzean joaten da ikustera. Ez beti, ahizpa txikiak ere, Maitanek, igeri egiten duelako eta ezin duelako aldi berean bi leku desberdinetan egon, baina ahal duen bakoitzean etortzen da Ainhoa ahizpa handia eta ni ikustera.


Vocento
© Copyright DIARIOVASCO.COM DIGITAL VASCA, S.L.U.

EN CUALQUIER CASO TODOS LOS DERECHOS RESERVADOS:
Queda prohibida la reproducción, distribución, puesta a disposición, comunicación pública y utilización, total o parcial, de los contenidos de esta web, en cualquier forma o modalidad, sin previa, expresa y escrita autorización, incluyendo, en particular, su mera reproducción y/o puesta a disposición como resúmenes, reseñas o revistas de prensa con fines comerciales o directa o indirectamente lucrativos, a la que se manifiesta oposición expresa.