Eta beste behin, lau jardunaldi jarraian egin ondoren, txapelketa berriz ere gelditu egingo da bi asteburuz. Urte bukaera bitarte jardunaldi bat bakarrik jokatuko da, azken bi jardunaldiak Errege egun ondorengo astebururako eta San Sebastian egun bezperarako utziaz. Edozein modutara, eta lau jardunalditan itzulipurdi asko eman ondoren, Caf/Rte. Faro de Higuer berriz ere bakarkako lider moduan iritsi da etenaldira, eta behealdean gauzak geroz eta argiago geratzen ari dira. Lehen Mailan, A multzoan dagoeneko igoera birtual bat badugu eta B multzoan oraindik partida pare bat faltatuko dira igoerak argitzeko. Bigarren eta Hirugarren Mailan ere igoerarako hautagaiak postuak hartzen hasi dira.
Ohorezko Mailako liderrarentzat jardunaldi borobila izan zen, hilabete hasiera zalantzatsu baten ostean, azaroa hartu zuen bezalaxe amaituko du, bakarkako lider bezala, nahiz eta orain jokatzeko partida gutxiago geratzen zaizkion. Borja Ruizen mutilek ziurtasunez jokatu zuten partida (1-4) Iraupenen aurka, txapelketako klasiko bat den taldea, baina beste behin bere irregulartasuna ordain-tzen ari dena eta azken jardunaldira arte borrokatzen jarraitu beharko duena duela jardunaldi batzuk ezinezkoa zirudien jaitsiera saihesteko. Garaipen honekin, eta bere aurkarien emaitzak batuz, Caf/Rte Faro de Higuer taldeak baikortasunez begiratzen ditu geratzen zaizkion hiru partidak, izan ere K2&66 Tabernak taldearen aurka duen norgehiagoka kenduta, beste bi partidetan jaitsita dauden taldeen aurka arituko da.
Jardunaldia borobila izan zen liderrarentzat, hain zuzen ere, bere garaipenaz gain, bere jarraitzaileetako zenbaitek estropezu egin zuten. K2&66 Tabernak taldearen kasua da, jardunaldia liderrarekin puntutan berdinduta eta azkenaren aurka hasi zuena, baina puntu bakarra etxeratu ahal izan zuen partida zoro batean (4-4). Pauso oker hau unerik garran-tzitsuenean behin betikoa izan daiteke, nahiz eta oraindik ere lehen postuetan dauden bi taldeen arteko duelu zuzena geratzen den, hemendik bi jardunaldira jokatuko dena.
Knauf-Decoraciones Aleman taldearentzat ere ez zen jardunaldi baikorra izan, duela gutxi txapelketaren buru zena baina garaipena ikusi gabe amaitu duena hilabetea, seigarren postuan delarik. Zumarragakoak azken jardunaldian Pub Argiaren aurka erori ziren, jardunaldiko ezkutuko handia bilakatzen ari dena, izan ere, partida bat gutxiago duelarik, liderrarekiko lau puntutara dago. Atzeratutako partida irabaziz gero eta Faro de Higuer K2&66 Tabernak-en aurka eroriko balitz, titulua eramateko aukerak izango lituzke. Geroz eta errealagoa den karanbola.
Txapelketako azken bi txapeldunak behin betiko taularen behealdea uzteko ere balio izan zuen jardunaldiak gune lasaiago batera joanez, nahiz eta aukera gutxi izan azken titulua eskuratzeko. Mugan Estilo (0-2 Denda Berri Berastegiren aurka) zein Zuma Gh (3-4 Vascoplasti) taulan berdinduta daude puntutan eta Irekierako azken txanpari konfian-tzaz aurre egiten ari dira.
Hurrengo jardunaldira begira, abenduaren 17 eta 18an jokatuko dena, partida interesgarriena, dudarik gabe, Mugan Estilo eta K2&66 Tabernak jokatuko dutena izango da. Debakoentzat txapelkeko "itzuleraren" baieztapena izan daitekeen bitartean, tolosarrak porrot batek azken titulua eskuratzeko ia aukerarik gabe utziko lituzke.
Lehen Mailako A multzoan, hiru jardunaldi falta direnean, lehenengo taldea dagoeneko igota dugu. Bianditz Etxegintza, Bar Pelloren aurkako landutako partida batean (3-2), aste honetako argazkia dagokiona hain zuzen ere, matematikoki Ohorezko Mailako taldea da dagoeneko. Zortzi jardunalditan zazpi garaipen eta berdinketa erdietsi ondoren, bederatzi puntuko aldea dute aurretik mendean hartu zuten hirugarren sailkatuarekiko, beraz, igoera matematikoa da. Bitxikeria bada ere, hurrengo jardunaldian igoera oso gertu duen Seat Kep Auto bigarren sailkatuaren aurka arituko da. Egungo liderrak irabaziko balu partida, modu matematikoan ziurtatuko luke lehen postua. Bigarren sailkatuaren garaipenaren kasuan, aldiz, bi taldeak igoko lirateke, nahiz eta zintzilik geratuko litzatekeen nor den lehen postuaren jabe.
B multzoan, S21-Sec ere bere igoera baieztatzear dago. Emaitzetan zenbait larrialdi pasatu ondoren, donostiarrek tartea zabaldu dute berriz ere sailkapenean, izan ere azken jardunaldiko bere garaipenari Dulciplol-en porrota gehitu zitzaion, emaitza berberarekin gainera, bost puntuko aldea uzten duelarik. Hain zuzen ere, bigarren sailkatuaren porrotak igoerarako hautagaien abanikoa zabaldu du eta seigarren sailkatuak ere benetako aukerak izatea ahalbidetu du. Multzo honetan ere, hurrengo jardunaldian, gorenean duelua izango da, izan ere liderra hirugarren sailkatua den Tiokaren aurka arituko da. Liderraren garaipenak igoera bermatuko luke, baina Tiokak ezin du puntuak batzeari utzi, sailkapena nola jarri den ikusirik. Oso partida interesgarria.
Bigarren Mailako A multzoan, kategoriako lider sendoenetakoa den Bar Larra 2-1 erori zen Agreda Bar-en aurka eta Amara KE-k taulan berdintzea utzi dio. Hala ere, hirugarren sailkatuarekiko bost puntuko aldea nahikoa dirudi bi taldeen igoera bermatzeko.
B multzoan, lehen aldiz, lider aldaketa egon zen. Otxo Motxok LUKOren estropezua probestu zuen eta lehen postua kendu zion. Loiolakoek pentsa dezakete atzeratutako partida irabazita lehen postua berreskuratuko dutela, baina partida hori hirugarren sailkatuaren aurka izango da, eta ziurra da igoerarako dituen aukerei ez diela ihes egiten utziko.
C multzoan, Unior taldeak jarraian seigarren garaipena erdietsi zuen eta lehen postua eskuratzeko Betelu Vending-ekin borrokan jarraitzeaz gain, hirugarren sailkatuari bost puntuko aldea ateratzen dio. Bere igoera geroz eta gertuago dago.
Azkenik, D multzoan Visual taldeak emaitzen bolada txarra baieztatu du, jarraian bigarren porrota metatuz. Tinko liderrak bezalaxe atseden jardunaldia zuen eta Hifi Berria Musical, bere garaipenarekin, lehen postura igo da. Multzo honetako azken txanpa hil ala bizikoa izatea lortu dute.
Registro Mercantil de Gipuzkoa, Libro de Sociedades 1.786, Folio 141, Sección
8ª, Hoja SS-16552, Inscripción 1ª
C.I.F.: B20677878
Domicilio social en Camino de Portuetxe, 2 San Sebastián 20018
Correo electrónico de contacto contactanos@diariovasco.com
Copyright © Digital Vasca S.L. , San Sebastián. , 2008. Incluye contenidos de
la empresa citada, del medio El Diario Vasco (Sociedad Vascongada de Publicaciones,
S.A.) , y, en su caso, de otras empresas del grupo de la empresa o de terceros.
EN CUALQUIER CASO TODOS LOS DERECHOS RESERVADOS:
Queda prohibida la reproducción, distribución, puesta a disposición, comunicación
pública y utilización, total o parcial, de los contenidos de esta web, en
cualquier forma o modalidad, sin previa, expresa y escrita autorización,
incluyendo, en particular, su mera reproducción y/o puesta a disposición
como resúmenes, reseñas o revistas de prensa con fines comerciales o directa
o indirectamente lucrativos, a la que se manifiesta oposición expresa.