Diario Vasco

Hemeroteca | Domingo, 19 de agosto 2018

«14 segundutik jaistea da nire erronka berria»

Marka horrekin, munduko txapelketako finalean sartu litekeela uste du Teresa Errandoneak

NOTICIA DE Iosu Gorrotxategi
CerrarEnvía la noticia

Rellena los siguientes campos para enviar esta información a otras personas.

* campos obligatorios
Cerrar Rectificar la noticia

Rellene todos los campos con sus datos.

* campos obligatorios
«14 segundutik  jaistea da nire erronka berria»

Teresa Errandonea eta Teresa Zaragueta, atletismoan arituak. Foto: Alvaro

Amankomunean gauza asko dituzte aste honetako bi elkarrizketatuek. Batetik, izen berdina dutela: Teresa. Bestetik, proiekzio handiko kirolariak direla, biak ere Bidasoa Atletismo Taldekoak gainera. Jubenil mailako munduko txapelketarako txartela eskuratu berri du Teresa Errandoneak hesi-lasterketetan eta Euskadiko errekor berria lortu du kadete mailan Teresa Zaraguetak altuera-jauzian. Biekin izan gara aste honetan Donostiako miniestadioan.

-Jubenil mailako munduko txapelketan aritzeko txartela lortu berri duzu zuk Durangoko Euskadiko txapelketan. Espero al zenuen gutxieneko marka hori lortzea?

-Espero nuen, bai, iaz ere gutxieneko marka lortu nuen eta, baina ezustekoa izan da denboraldiko lehen lasterketan minimoa lortzea.

-Iaz ere lortu zenuela?

-Bai, hori da. Iaz, Espainiako txapelketako finalean, orduko gutxieneko marka lortu nuen, 14''30. Aurten, federaziokoek beheratu egin dute gutxieneko hori bost ehunenekotan, baina ni ere asko hobetu naiz. Durangon lortu nuen marka hura da frogarik onena: 14''12. Haizea kontra izan nuen gainera.

-Zergatik iruditzen zaizu hainbestean hobetu zarela azkenaldian?

-Zalantzarik gabe, guzti hau lanaren ondorioa da. Nire lanarena eta nire entrenatzailearena, noski. Berarekin gustura nabil eta dirudienez, lan guzti hori fruitua ematen ari da.

-Astean zenbat egunetan entrena-tzen duzu?

-Asteburuan lehiaketarik baldin badago, lau egunetan aritzen naiz. Ez badago berriz, asteko bost egunetan joaten naiz. Lan-saioak bi ordukoak izaten dira.  

-Kirola eta ikasketak tartekatzeko arazorik al duzu?

-Gogorra da biak tartekatzea, baina beno... Orain bertan, azterketa garaian gauden arren, nik asteburu osoa emango dut Valladoliden eta liburuak eraman beharko ditut hara.  

-Zergatik aukeratu zenituen hesi-lasterketak?

-Ez dakit. Zazpi ala zortzi urterekin hasi nintzen atletismoan. Etxean beti ikusi izan dut atletismoa telebistan, aitarekin eta, eta behin gelara gimnasiako irakaslea etorri zen atletismoa egin nahi genuen galde-tzera. Nik izena ematea erabaki nuen. Hasieran denetarik egin genuen den-denek, baina hesietan ondo moldatzen nintzela ikusi genuen berehala.  

-Zenbateko garrantzia du teknikak hesi-lasterketetan?

-Oso azkarra baldin bazara ere, funtsezkoa da teknika ondo ikastea. Zaila da teknika zein den zehatz-mehatz azaltzea, baina gutxi gora behera hauek dira ardatz nagusiak: hesiari erasotzen zaion hanka luzatu eta bestea hanka berriz, ipurdi aldera guztiz gordeta eraman behar da. Besoak orekan eduki behar dira, aurrera bata eta atzera bestea.  

-Epe motzera, zeintzuk dira zure helburuak?

-Asteburu honetan euskal selekzioarekin joango naiz Valladolidera, Espainiako lurraldekako txapelketara. Hara 14 segundutik  jaisteko asmoarekin joango naiz. Oraindik ere hiru aste falta dira ekainaren 18 eta 19an Granollersen jokatuko den banakako Espainiako txapelketarako, baina nik nire marka hobetzen joan nahi dut apurka-apurka. Esan didate hango pista ez dela oso azkarra, baina oso motibatuta nago eta daukadan onena ematen saiatuko naiz.  

-Eta gero zer? Espainiako txapelketa absolutura joateko esperantzarik badaukazu?

-Bai. Gainera lortuta daukat hara joateko gutxieneko marka.

-Hamasei urterekin hori! Ba, ez dira asko izango zure adinarekin txapelketa horretara joango direnak, ezta?

-Ez, egia esan oso gutxi dira nire adinekoak. Pista estaliko txapelketan bi baino ez ginen izan hamasei urtekoak.  

-Zer gustatuko litzaizuke egitea jubenil mailako munduko txapelketan?

-Maila oso altua izango da Lillen eta izugarria izango da jamaikarrekin lehiatzea. Gustatuko litzaidake finalerdietan sartzea. Kontuan hartu munduko txapelketarako minimoa 14''60 dela eta hemen, espainiar federazioak, minimo hori are gehiago beheratu egiten dutela, lehiatzera joaten direnak finalerdietan sartzeko benetako aukerak izan ditzaten edo.  

-Finalerdietan sartuko zarela uste duzu orduan?

-Bai, bai, hori espero dut. Finalean izan naiteke 14 segundutik jaisten baldin banaiz. Hortik aurrera, ikusiko dugu urduritasunak kontrola-tzeko gai naizen ala ez.

-Zeintzuk dira zure ametsak atletismo munduan?

-Goreneraino iritsi nahi nuke, baina alde handia dago ametsen eta lorpenen artean. Nik oraingoz hankak lurrean dauzkat. Oraingoz emaitzak lortzen ari naiz, baina ikusiko dugu gauzak nola ateratzen diren hemendik aurrera.

-Zeure kasuan, zu ere emaitza onak lortzen ari zara Teresa. Altuera jauzian, kadete mailan Euskadiko errekorra lortu berri duzula esan digute...

-Bai, hala da. Metro bat eta 67 zentimetroko jauzia egin nuen maiatzean Eibarren eta handik bi astera bi zentimetrotan hobetu nuen errekorra, metro bat eta 69 zentimetroko jauziarekin.  

-Azken bi asteburuetan bi aukera berri eduki omen dituzu hori hobetzeko, ezta?

-Bai, hala da. Bitan izan dut 1,70ra iristeko aukera, baina ez dut lortu. Ea hurrengo ahaleginean lortzen dudan. Edozein modutan, pozik nago aurten lortutakoarekin. Oraingoz bederatzi zentimetroko hobekun-tza izan dut iazkoarekin alderatuta eta hamargarren zentimetro hori hobetzea espero dut oraindik.

-Nola hasi zinen altuera-jauzian?

-Duela bi urte arte denetarik egiten genuen atletismo taldean, behin altuera-jauzia egitea tokatu zitzaidan arte. Nahiko ongi moldatzen nin-tzela ikusi genuen eta handik aurrera, geroz eta gehiago hobetzen joan naiz, gaur arte. Beste probetan ere parte hartzen dut, baina niretzat lehentasuna du altuerak.  

-Zergatik uste duzu moldatzen zarela hain ondo?

-Nahiko altua naiz, metro bat eta 78 zentimetro neurtzen ditut 14 urterekin, eta horrek dezente laguntzen du. Hanketan, gainera, nahiko indarra daukat jauzia egiterakoan. Denboraren poderioz, modalitate honetan hain funtsezkoa den teknika ikasten joan naiz eta hemendik aurrera hobetzen jarraitzea espero dut.

-Zein da zure hurrengo helburua?

-Ekainean Espainiako txapelketa izango dugu Castelló-n eta ilusio osoarekin joango naiz hara. Pista estaliko txapelketan brontzezko domina eskuratu nuen, baina ez nuen nire onena eman. Oraingoan bai, daukadan maila erakustera joango naiz eta ea lehen postua lortzeko aukera daukadan.  

-Ikusten al duzu zeure burua etorkizunean nazioarte mailako txapelketa handienetan?

-Kirol honekin jarraitzeko asmoa daukat eta proiekzio honekin jarraituko banu eta hemendik aurrera gehixeago saltatuko banu, baliteke absolutura joan ahal izatea. Baina asko hobetu behar dut horretarako. Ea datorren urtean nire marka beste bost zentimetrotan hobetzen dudan. Ahal dudan onena ematen saiatuko naiz eta ikusiko dugu noraino iristen garen.


Vocento
© Copyright DIARIOVASCO.COM Sociedad Vascongada de Publicaciones, S.A.

EN CUALQUIER CASO TODOS LOS DERECHOS RESERVADOS:
Queda prohibida la reproducción, distribución, puesta a disposición, comunicación pública y utilización, total o parcial, de los contenidos de esta web, en cualquier forma o modalidad, sin previa, expresa y escrita autorización, incluyendo, en particular, su mera reproducción y/o puesta a disposición como resúmenes, reseñas o revistas de prensa con fines comerciales o directa o indirectamente lucrativos, a la que se manifiesta oposición expresa.